Elgoibarko Musika Banda ofizialki 1885ko Uztailaren 1an sortu zen. Bere lehenengo zuzendaria parrokiko organista zen Ildefonso Lizarriturri y Aizpitarte izan zen.  Ildefonsok 26 urte zituen  eta musika munduan ondo irabazitako izen bat.  1500 erreal zen bandaren urteko aurrekontua eta banda 14 partaideek osatzen zuten. Udaletxeak bazekien banda batek zeukan garrantziaz eta funtzio desberdinak proposatzen dizkie: kalejirak, gorporazioari laguntzak, prozesioak, kontzertuak, dantzaldiak  e.a..

Ordundik aurrera, herriko gertaerak beti eduki dute ezin bestekoa den musika bandaren presentzia. Alkateak, Mariano Muguruza  jaunak, musikalarien lanaz pozik zegoenez, 1889ko Santa Zezilia bezperan, “Casa Artola” jatetxean afari eder batera gonbidatzen ditu.

Ildefonso bandako zuzendari bezala, 10 urtean egon zen. Azkenean, arrazoi desberdinengatik (horietako bat organoari zion dedikazioa), bandaren zuzendaritza laga beharrean aurkitzen da. Udaletxeak bandaren jarraipena iluna ikusten du, Ansolatar bat agertzen den arte. Silvestre Ansola da bera. Bandako partaide, txistulari eta Sallobenteko irakasle. Silvestre Ansola “Erroketxo”ren semea eta Laureano eta Florencioren aita. Beraz, Silvestrek talde honen zuzendaritza eskuratzen du.

1902. urteko otsailean, I.Lizarriturrik oposaketa ezin hobeago bat eginaz, Donostiako San Vicente parrokiko organista plaza irabazten du.  Zumarraga, Estella, Burgos, Gijon, Iruña, Avila, Madrid eta Donostiako organistek hartu zuten parte.  B.Zapirain “Txanton piperri”ren egilea eta Juan Montes galegoa, “Negra sombra”ren egilea barnean zirelarik. Elgoibartarra denen gainetik izendatu zuten irabazle. Horregatik, hiriburura joaten da eta elgoibarko organu jotzaile plaza hutsik gelditzen da. Urteak ez dute barkatzen eta Silvestre zahartuta dagoenez, udaletxeak organu jotzaile bat kontratatzen du; gainera bandako zuzendari ere izango zena. Urte horretan bertan, Ataundik Ignacio Bereziartua jauna etorriko da, urte askotarako elgoibarko musika kontuen adierazgarri izango den musikalari gaztea.

Berehala bandaren zuzendaritza eskuratzen du eta gainera lehenengoz instrumental berria erostea proposatzen du, bestea zaharturik dagoelako. Udaletxeak eskaera onartzen du, instrumentu merkeenak erostekotan. Geroago ikusiko dugunez, tamalgarria izan zen erabaki hura.  1903. urteko Urrian, Gasteizetik zetozen  instrumentu berriak elgoibarko tren geltokira heltzen dira. C.Carrion etxea izan zen banatzailea, diru kopurua 1369pta izan zelarik. Musikalari kopurua goruntz doa. 1903. urtean, honako hauek zeuden: Igancio Bereziartua, Silvestre Ansola, Sebastian Armendia, Jacinto Salaberria, Santiago Ezenarro, Angel Unzueta, Vicente Unzueta, Antonio Aizpiri, Gerardo Arriola, Hipolito Gabilondo ,Gumersindo Ansola, Laureano Ansola, Jose Luis Ansola, Marcial Iturrioz, Igancio Iriondo, bere seme Galo, Silvestre Ciaran, fermin Agirre, Ildefonso Opakua, Jacinto Aiesta, Antonio Agirre, Roke Agirre, Victor Gisasola eta Gonzalo Armendia. 25 musikalari orotara, mende haserako oso ondo zegoelarik. Aipatzekoa da Ansola senideen partaidetza, elgoibarko musika bandaren urte askotako izan dena gainera.

Entsaioak aurrera doaz, aktuazioak ere denak segidan. Inguruko herrietara irteerak ere badaude. Baina bederatzi urte pasa dira eta bandak ia ezin dezake jo. Arrazoia; instrumentoak azkenetan daude, desajustatuak, desafinatuak, loturak apurtuta, giltzak trabatuta…Erabaki bat hartu behar da, orain bai . Aurrekontuak eskatzen dira Erviti, Vellido  (Bilbo), Figuerido eta Gelbenzu (Irun) etxeetara 25 instrumentu erosteko. kalitate hoberena izan behar zuten dudarik gabe. Azkenean eskaria Vellidok hartu zuen. Parisetik Convesnon etxetik ekarri ziren instrumentoak, bakoitzak Pariseko “Guardia  Republicana” bandako bakarlarien zertifikatua zekarren. 1912. Urteko Uztailak 10an Juan Aizpiri  alkateak erosketa onartzen zuen. Abuztuak 15ean instrumentoak elgoibarrera heldu ziren, San Bartolome jaietarako prest. 3517 pta. ordaindu zen erosketa, 1902 urtean baino askoz gehiago. Emaitzak ikusgarriak izan ziren. Orain dela gutxi arte, orduko instrumentuak jo dira. Udaletxeak, Lizarriturri, bandako sortzaileari, iritzi aipagarria eskatu zion, 1912 urteko Abuztuak 19an idatzitako eskutiz batek honela dio: “iritzia emateko poztasuna daukat aparteko materiala dela eta oso egokia erabili behar duenarentzat”.

Urteak aurrera doaz. Bandak bidaiatu egiten du. Eibar, Zestoa, Debar, Irun… 1916 urteko Irailak 26an Donostiara doaz. Musika Banden konzentrazio batetara. Bertan, Gipuzkoako banda guztiak hartu zuten parte. Eguerdi aldean hiriburuko hainbat tokitan jot zuten eta arratsaldean “Chofre” zezen plazan elkartu ziren denak. Hala ere, poztasun handiena Boulebarrean dantzaldiak jotzea zen banda guztientzat. Donostia “Klase” handiko hiriburua zen eta han bailabliak jotzeak prestigio handia ematen zuen. Baina ezinezkoa zen  banda guztiak han jotzea. Antolatzaileek   “Chofre”ko alarde bukaeran, Boulebarreko kioskora  lehena heltzen zena, banda hark joko zituela bailableak erabaki zuten. Zezen  plaza hogeitabost bandek jotzen zuten “Gernikako Arbola”ren azken nota entzutean, musikalari guztiek alde egin zuten korrika batean. kioskoa hartu behar eta nor izango lehenengoa? Canuto Gabilondo!! Baxuarekin gainera. Elgoibartarrak izan ziren dantzaldiak alaitu zituztenak, beste banden inbidia nabaria zelarik.

1920. urteko Uztailak 27, udaletxera Villafranca Oriako (gaur egungo Ordizia) alkatearen idatzi bat heldu zen, honela ziolarik: “zu eta zure aginpean Elgoibarko herria zoriontzeko poztasuna daukat, herri honetako jaietan disdirapen haundia jarri duen eta herritarrengatik oso miresgarri eta txalogarri izan den musika banda munizipala edukitzeagatik”.

Eta gudatea heldu zen. Batzuk badoaz, beste batzuk banda lagatzen dute,  beste batzuk frentera…Elgoibar ez dago bandetarako, ez da poztasun garaia. Hala ere, itzali nahi ez duen argizari baten suaren antzera, bere afizioari bat jarraitzen dute batzuek. Gutxi dira, baina hor diraute. Bandak ahal duenean eta ahal duen bezala jotzen du.

Gudatea bukatzean, Bereziartuak ez du jarraitzen bandako zuzendaritzan. Ignacio Gonzalez Bastida izendatzen dute ordezkatzeko, 1944. urte arte gurekin jarraituko du. Berak egokitu zuen banda, musikalari zahar eta gazteen artean.  Oraindik ere, gogoratzen dira bere irteera xelebreak eta bere ideia bitxiak. Normalean “Casa Atxa Orbean” ostatzen zen, baina diru aldetik geizki zebilenean, pupilo bezela egiten zuen lo Canuto Gabilondoren etxean. Canutok baxua jotzen zuen bandan. Behin, entsaiatzen ari zirela, pasaje bat jotzean, Canutok ez  zuen ondo egin.  Zuzendariak entsaioa gelditu eta berriro jotzea agindu zuen. Canutok ez zeukan egun onik eta berriro geizki jo zuen. Zuzendariak, haserre, garrasika hasi zitzaion. Canutok zeremonia handiz, baxua bastertu, lurrean ipini eta bere laguneri begira: “Honek jaukak baloria. Hilebeteko ohia zor eta gainera bronkia neri”.

Bandan egon dira musikari berezi eta kuttunak. Horietako bat; Santiago Ezenarro, Santi Bonberua. Izengoitia instrumentuarengatik zetorkion, bonboa, lagun mina urte askotan. Dantzaldien deskantsuetan begiak zabalik egoten zen instrumentuak zaintzen, beste lagunek txikitoak hartzen zituzten bitartean. Batez ere bere bonboa. Zuzendaria agertzen zen momentuan, bi aldiz partxean jo eta jotzeko garaia zela adierazten zien bere lagunei. Kontzertuetan bonborako ixileko konpas asko egoten ziren eta Santik ahots altuz zenbatzeko ohitura zeukan. Baina askotan platilloak jotzen zituena ere sartzen zen zenbatzen eta gure pertsonaia, hortxe bertan galdu egiten zen.  Haserretuta, zekulako begiradak jotzen zizkion besteari, eztabaida bizian hasten ez zirenean.  Behin, Santik laurogitahamairu ixileko konpas zituen, bakarreko golpe garrantzitsu bat baino lehenago. Bat, bi, hiru …zenbatzen . Hamazazpi, hemezortzi.. Santik bere konpasekin jarraitzen zuen. Berrogeitahemezazpi edo, berrogeitazazpi ahal ziren?  Galdu da!! Golpearen momentua heltzean, musikalarien artean izugarrizko isiltasuna. Santirentzat ordea ez da momentua heldu. Orain banda pasaje zaila jotzen ari da, laurogeitahamabi, laurogeitahamairu! ¡ Izugarrizko eztanda entzuten da udaletxeko arkupetan, entzulegoa beldurtuz. Zuzendariak zekulako begirada botatzen dio. Baina Santik badu zer esatekorik: “lelenguan pasau ein jata, baina aukeria arrapau dotenian…”

 

1942. urteko abenduak 4ean, udaletxera gobernadore zibilen eskutitz bat  heltzen da.”Banda munizipalaren zuzendaritza plaza, estatuko jefatura legearen 1.artiluluarekin ados, musika banden zuzendaritza goputzeko zuzendari batek betetzen ahal duen. Alderantziz balitz lehiaketa general bat egin beharko litzateke”.  Gonzalez Bastidak ez du arau hori betetzen eta egun gutxira B.O.E.n deialdia agertzen da. Administrazio lokaleko zuzendaritza generalak hartzen ditu eskariak eta izendatzen du zuzendaria. Lau izan ziren hautagaiak: Valentin San Isiegas jauna, Cariñena (Zaragoza); Sergio Valbuena Esgueba jauna, Mamblas (Avila); Antonio Ibarrondo Oleaga jauna , Oñati eta Julio Perez-Cortes Coronado, Villanueva de la Serena (Badajoz). Azken hau izan zen 1944. urteko Urriak hemezortzian plazaren jabe egin zena.  Ignacio Gonzalez Bastida jaunak agur esan zion elgoibarri. Musika bandarentzat garai berri bat hasten da.

Julio jauna senide askorekin etorri zen elgoibarrera, eta berehala bere bi seme bandan sartzen dira. Julio jaunaz hitzegiteak, C.D. Elgoibarko himnoa dakar burura. Oraindik ere, 60 urte beranduago bizi bizirik dirau. Zuzendari ordea, Isaac Azpiazu, izan zen letra ipini ziona. Juliok bandako zuzendaritza zeraman, solfeoko klaseak ematen zituen, baita instrumentu  batzuenak ere. Udaletxeak 4500 ptako soldata jarri zion.

Baina urte tristeak dira. Udaletxeak ez die kasurik egiten bandako eskariei. Bandari egitarau luze bat eskatzen zaio, burutu ezina askotan, baina bandaren nahia handia zen eta aurrerantz jarraitzen dute. Jotzen jarraitzeko beharrezko tresneri faltari, musikalarien eskasia batzen zaio. Egun askotan, Markinan bizi diren Ansola anaiei dietu beharra dago banda betetzeko. Musikalariek ez daukate jantzi ofizialik ere. Hogeitahamar urte itxoin behar izan zuten elgoibartarrek bandako partaideak berdin jantzita ikusteko.

Beharrei buruzko gaiari helduaz, egin beharretako bat, Alzola eta Mendaro azoetako jaietan dantzaldiak jotzea zen. 1948. urteko San Juan egunean banda Altzolara Joan zen aulki luzedun kamio batetan. Heldu bezain laister , zuzendaria  “café completo” zioen txartela banatzen hasi zen partaideen artean dantzaldiko atseden aldian hartzeko. Aktuazioa bukatzean, instrumentuak batu eta kamioirantz abiatu ziren, berandu zen eta hurrengo egunean lanera joan behar ziren. Joateko momentuan bi guardia zibil agertu ziren: “Utzi lekua gu ere elgoibarrera goaz eta “. Musikalariak kexatzen, ez dago jende gehiagorentzat lekurik, barreak e.a...Badoaz kamioian baina….”a bai? Orain ikusiko duzue:” Denak behera eta bi guardia zibilen artean elgoibarreraino ibiltzen. Kamioia hutsik itzuli zen.

Beste batean, banda “Rosamunda”ko 3. entreaktoa ensaiatzen ari zen. Oso musika fina, ematasun haundikoa. Pepe Arano, klarinete printzipala, ari da gaia garatzen. Bapatean, bonboaren bi golpe zarata entzuten dira. Zuzendariak, arriturik. Gioia begiratu eta han horrelakorik ez dela agertzen ikusten du. Banda geldiarazi eta errepikapen bati ekiten dio. Momentu garrantzitsua heldu eta berriro ere, pum, pum, bonboaren bi golpe zaratak. Zuzendaria atriletik jeitsi eta korrika batean Santirengana doa. Bere partitura hartu, astindu, eta ahots garbiz dio: “baina gizon, zertan ari zara! Zati osoan isiltasuna daukazula ez duzu ikusten?” Santik isiliean, burua jeisten du eskubiko eskuan gabikoa duelarik. Lurrera begiratzeari utzi gabe, horrela erantzun dio: “bai, baina hemen pare bat golpe merezi du”. Argi denez Schubertek geizki egin zuen!

Berrogitahamar hamarkadaren hasieran Julio jauna jubilatu egiten da. Ordurako zuzendariari buruzko ezkaera gogorrak gutxitu egiten dira. Udaletxeak nahi duena aukeratu dezake. Aukeratua Julian Iriondo Bergaretxe izango da, bandako aspaldiko partaidea eta trompeta jotzaile alaia. Ignacio Bereciartuaren ikaslea, bandan hamaika urterekin sartu zen. Izendatutako momentuan Julian zuzendari ordea da eta Julio jaunaren laguntzailea zen Akademiako klaseetan. Julianek asko eta ondo lan egiten du eta fruituak laister nabaritzen dira akademian: gazte talde handia sartzen da bandan eta lehengo musikarekin bizitasuna ikusten da bertan. 1952. urteko goiz batean, “Poeta y Aldeano”  musikarekin zuzendari berria aurkeztun da. Bandak orain proiektu eta musika berriak bereganatu ditzazke. Julian 1956. urterarte  egon zen, lanagatik zuzendaritza utzi izan behar zuelako. Baina bere agurra ez zen betirako izan, ezta gutxiago ere. Bandak bere laguntza behar izan duenean, han egon da beti Julian.  Tronpeta, fliskornioa, tronpa, tuba..jotzen Beti alai eta laguntzeko prest.

1956. urtean  erreleboa traumarik gabe gertatu zen. Jose Zubiaurre Leyaristi “Balle”, zuzendari orde eta bombardino bakarlariak, instrumentua batutagatik aldatzen du. Jose ere Ignacio Bereciartuaren eskutik hasi zen bandan. Josek P.Medinarekin handitu zituen ikasketa musikalak. Giitarra ikasketak berriz, Ginebrako katedratikoa zen Jose Azpiazurekin egin zituen. Jakin handiko gizona, zuzendaria, gitarra jolea, elizako abesbatzako tenorea zen. Herri mailako antzerki partaide, bakarrizketa ederren egile….Herri mailan eginiko ekintza benefikoetan han zegoen gure gizona. Gure gaiari helduaz, Josek alaitasun handiz hartu zuen bere lan berria. 25 urte egin zituen bandako zuzendaritzan.  Hiru semeen aita , bere ilusioa hauek musikaritzan sartzea zen. Bere hiru semeek eta bi bilobek jo dute bandan.

Jose Zubiaurren itsasoa ez zen ekaitzik gabekoa. Urte txarrak bizi izan zituen, baina bere ezker esku ezagunaz denak gainditu ahal izan zituen. Zuzendari izendatu eta gutxira, bandak bere historia guztiko lehen kontzertu zatituta eskeini zuen. Pilar eguna zen eta guardia zibilen koartelaren inagurapenaren oroitzapena ospatzen zen.  Jose eta bere gizonak bi obra plazan eta beste bi koartelean jotzera behartuak ikusi ziren.  Plazakoak jo ondoren, Obdulio Fernandez eta bere Fenwich-a han zeuden (hiltegiko okela eramateko remolkearekin) sai. Bertan, atrilak, aulkiak eta Anjel Riañoren baxoa bidali eta han joan ziren denak oinez koarteleraino. Lehenengo obra “Sangre de Artista” kontzertuko pasodoblea zen. Konpas batzuen ondoren, bandako partaideen arridurarako guardiak eta beraien emazteak dantzan hasi ziren, dantzaldi baten antzera. Koarteleko lehenengo ekitaldia, bandera jasotzea zen, bandak himno nazionala jotzen zuen bitartean.  Baina sokak ez zuen goraka egiten eta bandera ez zen igotzen inolaz ere. Bitartean bandak jo eta jo; himnoa hogei bat aldiz jo zuten, azkenean batek  sokari korapiloa egin eta arazoa konpondu zuten. Arnasa hartu zuten azkenean musikalariek!!

60. hamarkada bukaera ohiturak aldatu egin ziren. Jendea dantzalekuetara joaten zen  eta plazak hutsik  gelditu zirelarik. Gauetik goizera dena aldatu zen. Zer nolako ikuskizun tristeak neguko arratsaldeak!! Bandak hutsik zegoen plaza batean jotzen zuen, hiru ume, gozokigilea eta musika jotzaile baten emaztegaiaren bat bakarrik.  Egoera honekin jarraitzea txorakeri bat zen.Udaletxeak ez zuen nahi dantzaldieri agur esaterik. Baina azkenean horrela gertatu zen. 85 urte pasa ondoren elgoibartar eta kanpoko asko alaitzen, dantzaldiei agur esan zioten.

Elizara ere heldu ziren haize bolada desberdinak.San Anton eta San Bartolomeko prozezioak, corpus cristi, gaixoen jaunartzeak e.a….Ez zuten gehiago izango bandaren laguntzarik.

Honi aurre egiteko kontzertuak indartu ziren. Berritasun bezala Odeon Antzokian hasi ziren eskaintzen.  Lehenengo Santa Cecilia egunean bakarrik, geroago egun gehiagotan. Udaletxeko Udal Batzar Aretoan ere eman ziren kontzertuak. Errepertorioa hobetu egin zen. Helburu berrien bila hasi ziren. Obra berri asko aurkeztu ziren, beste urte batzuetan jo ezinak zirenak Kontzertuak antzokian egiteko ohitura gaur egun arte luzatu da, gehienak Herriko Antzokian egiten direlarik.

Akademia ere bultzatu egin zen. Sofeoko klaseak ematen ziren, ikasleek Donostiako kontserbatorioan egiten zituztelarik azterketak, titulazio ofiziala lortu nahirik.  Solfeo eta instrumentu klaseak bandako partaideek ematen zituzten.  Hiru urtetan hamabost kide gehiagok osatzen zuten bandako partaideen zerrenda. Jaime Arrese alkate berria izendatzean bandak erropa berriak erosi eta instrumental osatzeko aukera izan zuen. Zelako banda zale eta lagun ona izan zen Jaime Arrese!

1981. urteko Azaroak 22an Jose Zubiaurrek omenaldi bat eduki zuen, zuzendari lanetan zilarrezko eztaiak ospatzen ziren eta. Odeon antzokian izan zen, dena beteta zegoekarik. Opari ugari eduki zituen; parrokiko abesbatza, txistulariak , dultzaineroak, Mauxitxa txaranga, Biar Dana musika elkartea, ”Agrupacion musical Azpeitiana” eta “bere” bandarena. Udaletxeak korporapean joan zen meza nagusira. Herriko urrezko insignia ezarri zioten, gitarra eder bat ere oparitu zioten. Joseren buru hausteak eta dedikazio apal eta lehiala ezagutzera eman ziren.

Urte batzuk beranduago,  1983.  urteko Abenduak 18an Jose  agurtu zen. Agur guztiak tristeak dira eta igande hartan Herriko Antzokian hori gertatu zen, baina Jose pozik eta burua makurtu gabe joan zitekeen.  20 urte bonbardinoarekin eta 25 batutarekin. Eginkizuna beteta maisu!!! Aktu berean erreleboa egin zen. Zuzendari ordeak, Jose Antonio Osoro Agirrek, bandako zuzendari bezala jarraituko zuen. Jose Antonio Osoro , ordu arte bandako saxo tenorea eta klarinete printzipala zen. Baita, solfeoko eta egurrezko instrumentuen maisua ere. Berehala egin behar izan zion lehenengo desfioarei aurre : bandaren  100. urteurrena. Elgoibarko bandak 100 urte betetzen zituen!!  Gertaera hau ospatu beharra zegoen. Horrela ulertu zuten denek, zuzendariak, musikariak eta udaletxeak. Jaia 1985ko Azaroak 24an ospatu zen.

Jai hura osoki kontatuko bagenu lan hau gehigi luzatuko litzateke. Bezperan kalejirak egon ziren eta egun bertan txistulari guztien diana egon zen. Ondoren meza nagusia, udaletxea gorporazioan joan zen bandarekin; txistulari eta mazeroekin. Bandak Coro de Peregrinos de Tanhauser  jo zuen. Ondoren,  aparteko kontzertu bat jo zen Odeon antzokian.(Batzuk kanpoan gelditu ziren lekurik gabe). Bandak edukitako 8 zuzendari egon ziren. Hauetatik lau zuzendarieen seme edo bilobak, bertan omenajeatuak izan zirelarik. (Radio Euskadik eman zuen kontzertua eta ETBko kamara egon ziren).

Telegrama asko eskuratu ziren zorionak ematen: Lehendakaria, kultura kontseilaria, Gipuzkoako Aldun Nagusia e.a… Bandako banderak elkarte kultural eta musikari askoren  korbatak jaso zituen. Egun horretarako, Juan Cordero Castaños musikalari elgoibartarrak eginiko  “Kontzejupe” obra estreinatu zen. Berak zuzendu zuen. Urte askotan iraungo du egun hark elgoibartarren buruetan.

Eta azken urteetara heltzen gara. Jose Antonio zekula aspertzen ez den langilea eta bandari zeharo lotuta dagoen gizonak, aurrekoek  utzitakoa mantendu eta ahal duen einean hobetzen du.Bandak orain musika eskolako jendea dauka (zuzendari baten izena daukana gainera).

 1991 urtean Iruñako Gaiteroekin batera diska bat grabatzen dute, lehenengo edizioa bukatu zelarik.

1993. urtean entsaioetarako lokal berri bat  zabaltzen da, bestea txiki gelditu zelako. Handiagoa eta akustika zoragarria du berriak.

2002. urtean bandak bere bigarren diskoa grabatzeko aukera izan zuen.  Elgoibarko Kondia enpresak 50 urte ospatzen zituela eta mundu guztiko doinuez osaturiko diskoa grabatu zuen.

Gaur egun bandak 55 partaide ditu. Musikarien bataz bestekoa 32 urtekoa da.  Gibantzar, Gipuzkoako banden federazioko eta EMUDAFE, Elgoibarko Musika eta Dantza Fundazioko partide da.